XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Andereek eta neskek, azkenik, artilezko arropa ilun eta astunak bazter zitzaketen.

Gricha eta Sacha goizargiz irtenak ziren sorolanetara.

Vasili Grigorevich ikuilosteko baratza zaintzen ari zen.

Izeko etxean zehar zebilen, kastore baten antzera, maratz eta langile.

Vania alferra soilik zegoen erletxetegian eguzkitan etzanda.

Orduak aurrera zihoazela, ia eguerdia zelarik, izeko Akulina etxetik irten zen Vaniaren bila.

- Vania, laztana, mesede bat egingo al didak? Bihar Bazkoko garbiketa diagu.

Basora joan eta urki adartxo sorta bat ekarridak, erratz berria egin dezadan.

- Oraintxe berton?- galdetu zuen Vaniak, aharrausika -. Laster eguardia izango da...

- Ez dik axola. Jaki zorro ederra prestatuko diat: ogia eta urdaia, arraultze gogor pare bat eta gazta zati bat.

- Opil bat ere bai? - Bai eta bi ere, nahi baduk.

Baina bizkor hadi, ez bait dut heugatik garbiketa Mendekoste garai arte atzeratuko.

Arrapaladan aldegin eta berriro etxean sartu zen.

Vania, patxadaz, aizkorak zeuden egurtegira joan zen.

Arinena aukeratu eta gero sukaldetik pasatu zen, janari zorroa jasotzeko.

- Ongi ibili - egin zion agur izekok -.

Eta adartxoak onak eta malguak izan daitezela, ez mehegiak ez oso lodiak. Ba dakik.

Aski bero zen urtaro hartarako.

Vania saiatu egin zen ez egiteko izarditan bidean zihoala, eta ez zuen nekerik gabe lortu.

Pausoz pauso zebilen, poliki-poliki, eta basora heltzean gose izan zen.